Hotela

 

HOTELA, PROIEKTUAREN ARDATZ NAGUSIAN 

 

palaciodearozteguia.dibujo.026.post

 

XIV. mendean Aroztegiko Ahaide Nagusien Jauregiak bere silueta irmoa altxatu zuen eta gaur, ibarreko  hamabi  eraikin zaharrenen  artean egonik, bere historia erraten jarraituko du. Izan ere, haren etorkizuna idazteko jauregia eraldatuko  duten trazu bikainak haren gainean marrazten ari baitira. Jauregiaren zaharberritzeak bisitariei transmitituko dizkie  bai eraikinaren berezko historia, bai Baztan Ibarrekoa eta baita Nafarroakoa  ere.

Ohitura eta tradizioen ohoretan, proiektu honek  tokiaren nortasun propioa goretsi nahi du Aroztegiko Ahaide Nagusien Jauregia zaharberrituz, berreskuratuz eta ondoko eraikinak sortuz: nazioarteko marka baten  parte hartzea izanen duen lau izarretako hotela: 13.000 metro karratu eraikita  izanen dituen eta, gehienez, 135 logela gehienez.

Ostatu modernoa, erakargarria eta berritzailea, landa- eta natura-inguruan kokapen pribilegiatuarekin, eskualdean ongi  integraturik, paisaiaren bertuteak indartuko dituena. Edukiera eta kalitate hoberena eskainiko ditu, bezeroarendako ostatu eredugarri eta erosoa sortuz. Bertzalde, ekitaldiak, enpresa jarduerak eta bilerak (instituzionalak, sozialak, familiartekoak) ospatzeko toki zehatzak ere eskainiko ditu.

Kalitate handiko jatetxe berezitu bat izanen du, Nafarroako sukaldaritza tradizionalean oinarrituko dena eta hari dagokion nazio eta nazioarteko ezagutza izanen duena. Aldi berean, Baztango eta Nafarroako bertako produktuen erakusleihoa izanen da eta turismo gastronomikoa bultzatuko du.

Inguruko kalitate eta freskura handieneko produktuekin beti prestaturiko errezeta berritzaileak turisten eskuetan jarriko dituen jatetxea. Espainiako iparraldean eta Frantziako hegoaldean goi mailako jatetxeek osatzen duten  zirkuituan integratuko den zerbitzua, eta baita Nafarroako Erriberan eta Errioxan ere, enoturismo alorrean eredugarriak direnak. Gastronomia ezkontzen zaigu paisaiako osagaiekin, kulturarekin eta Baztan Ibarreko eta Nafarroako historiarekin.

Hotelaren osagarri bezala, Aroztegiak osasunerako, erlaxaziorako eta aisialdirako Spa guneak izanen ditu, betiere natura giroan egokiro txertaturik, osasun eta ongizate kontzeptuak sustatuz, eta bezeroei sentsazioak eskaini nahian.

Spa guneak kalitatearen estandar hoberenekin bat egiten duten tratamendu pertsonalizatuetarako instalazio zabal eta modernoak izanen ditu, gune lasaigarri  bat sortuz eta osasunaren zainketa eta hobekuntza sustatuz. Aukera bikaina eguneroko bizitzaren erritmo estresagarria bazter batean uzteko, kirola egin ondoren atseden hartzeko, edo bakar-bakarrik erlaxatzeko eta osasuna zaintzeko.

Hotela, proiektuaren atal eta garapen motor nagusia, jardueraren ardatza bihurtzen da, golf zelaiak inguraturik, kirol osagarri bikaina dena bertzalde, eta, era berean, bizitegi-gune berriarekiko lotura eginen duena.

Jauregiko hormek babestuta, bisitaria gauza guztietatik gertu eta leku berezi eta xarmagarri baten kide sentituko da. Ingurune berde eta leun baten markoan paraturik, bidaiaria ia-ia kondaira mundu baten barnean sentituko da, historiaz zamaturik, berezko xarmarekin, kultura sustrai sakonekin, gastronomia apartarekin, isiltasun bukolikoarekin eta aire lasaigarriarekin.

Esta entrada también está disponible en: Spanish